
Badirudi azken urtetan parke naturalen "boom" a bizi dugula. Gauza beharrezkoa zena badirudi neurosi bihurtu dela eta berdea den edozer sakratua balitz bezala gorde behar dela. Horrela, gure inguruan ditugun gune natural ugari, babestu beharreko kategoria horretan sartzen ari dira; eta honek bere arriskua du, babesak museo bateko koadro baten parera jartzen duelako natura. Natura babestua bisitatu bai, baina erabil ezin daitekeen gai inertea bilakatzen da, koadro baten antzera begiratu, miretsi daitekeena, baina interakziorako aukerarik gabe. Gaizki-ulerturik ez dadila egon, gizakiak hainbat eremutan izan duen esku-hartzea izugarri kaltegarria izan da, eta ugariak dira gizakiaren presentzia ahalik eta urriena hobe luketen tokiak.
Baina sarritan, errespetua ezartzeko bidean, ekosistema eta bere nondik-norakoak ezagutzeko bidean debeku eta murrizketen dinamikan sartzen gara, haratago ikusi ezinik. Gasteizko mendien kasuan ekosistema aberatsa da oso, nahiz eta bertako landaredia eta faunaren zati handi baten presentzia gizakiari zor diogun: pinuak, pagoak eta faisanak adibidez, gizakiak jarri ditu bertan. Dena dela, aberastasun hau ez dut uste gizakiaren presentzia eta, bereziki, interakzioarekin bateraezina denik, eta honek proiektuari begira hausnarketa bat dakar. Ekosistema ezagutu eta errespetatzeko egokiagoa al da hau ikustea baino ez, edo ikusteak, ikutzeak, erabiltzeak, hau da, ezagutza sakonagoak ekosistema horren errespetuan maila bat haratago eramaten gaitu?
No hay comentarios:
Publicar un comentario